Berriak ez du horrenbeste zenbatekoaz hitz egiten oraingoan, diru sarrera horren tributazioaz baizik. Eztabaida hutsala dela iruditzen zait; benetako auzia ezkutatzen duena, gainera. Inor bizi daiteke 1.184 eurorekin hilean? Erantzuna argia da: ez.
Igoera horrek Euskal Autonomia Erkidegoan lan-hitzarmenik gabeko edo estatuko hitzarmenak aplikatzen zaizkien langileren batzuei eragiten die –gehienak, emakumeak–. Gogoratu dezagun LGS lan egiteagatik jaso behar dugun lansaria dela. Hori ez da zerbitzu sozialetara joanda ematen dizuten laguntza, ez, lanaldi osoak dakarren diru-sarrera baizik. Beraz, erreferentzia garrantzitsua da.
Eta zergatik ez Euskal Herrirako gutxieneko soldata propio bat? Benetakoa, bizitza duina izateko balioko diguna, aberastasuna banatzeko erabilgarria, etxebizitza izateko eskubidea errealitate bihurtuko duena, herri moduan boteretu egingo gaituena… Confebaskek dagoeneko ezetz esan digu.