"Aizkora ondo zorroztuta"

Erabiltzailearen aurpegia Amagoia Lasagabaster 2013ko mar. 6a, 01:00

Hezkuntza eta osasun sistema publikoari eutsiko diogu.

Horrek esan nahi du doakoa eta unibertsala izango dela aurrerantzean ere. Hezkuntzan eta osasunean ez dugu artazirik sartuko. Hezkuntzan eta osasun sisteman egin beharreko ajusteak ez dituzte erabiltzaileek sumatuko… Horiek, momentuan momentuko agintariek ahoan darabilten esaldi borobilak. 

Gertuko senitarteko batek hiru autobus hartzen ditu, astean bost aldiz, Donostia Ospitalean erradioterapia saioa hartzeko. Bueltan beste horrenbeste autobus hartuz iristen da, neka-neka eginda, etxera. Esan diote "bere kasurako", mozketak direla-eta, ez dutela anbulantzia zerbitzurik.

Beraz, politikari txit agurgarriok, artaziak bakarrik ez, aizkora ere majo erabili duzue hainbatetan. Herritarrei, beraz, gezurrik ez!

Uste nuen zintzo-zintzo ordaintzen ditudan zergek eta kotizazioek horrelako zerbitzuak estaltzeko balio zutela… inuzentea! Ospitaleetan gero eta langile gutxiago, pribatizazioak nonahi, botikak norberak ordaindu behar, agiririk gabeko etorkinak osasun sistematik kanpo, doako anbulantzia zerbitzu gutxi… inork azalduko dit nora doan gure dirua?

Zergak dira aberastasuna banatzeko sistemarik onena. Daukanak ez daukanari eman! Baina krisi ekonomiko bedeinkatu honek erakutsi digu gehien dutenek gutxien ordaintzen dutela. Solidaritatea zer den ere ez dakite, iruzurgile profesionalak dira, diru-gose ase ezina dute… aberats jaio, aberats izan eta oraindik ere aberatsago hil nahi. Zein gaixotasun da hori?

Indian kasta batekoak kasta berean jaio eta hiltzen dira. Zein desberdintasun dugu haiekin? Lagun batek zioen moduan, "bizitza guztia aurrezten pobre izateko", horixe gure etorkizuna. Ezagutzen duzue guk bezalako bizitza duin eta zintzoa eramanez 22 milioi Suitzan duenik?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak