... nire teoria zoro horietako bat baieztatu dit. Festara, mozkortzera, musika entzutera, drogatzera eta ondo pasatzera zihoazen gazteak elkartu ziren, eskubide guztiarekin, urriaren 31ko gauean aipatu lekuan. Zoritxarrez, 10.000 lagun inguru sartzen ziren pabiloi itxian 20.000tik gora sartu zirela baieztatu dute hainbat iturrik… Dirudienez, litroak edaten zeuden milaka lagun gerturatu ziren festara sarrerarik gabe. Hortxe ezbeharra, batzuk barruan itota kanpora irten guran, eta kanpokoak barrura sartu nahi. Badakizue zenbat polizia zeuden festa hori kontrolatzen? 12 polizia munizipal.
Beste behin Madrilen. Irailaren 25ean, Kongresu aurrean egindako manifestazioa. Milaka gazte, 6.000, datu ofizialen arabera, euren aldarrikapenak egiten. Horiek ere eskubide guztiarekin. Badakizue zenbat polizia zeuden horiek kontrolatzen? 1.500 polizia nazional lepo armaturik! Harrapazak!
Ondorioa: festara doazen gazteak, joan daitezela lasai, inongo kontrolik gabe, aingeruak baino zintzoagoak dira-eta guztiak… Baina adi! Gazte horiek protestatzera, euren eskubideak eskatzera badoaz, orduan egurra! Bazter nahastaileak besterik ez da-eta!
Onartzen dut nire teoria ez dela oso zientifikoa; Naomi Kleinen La doctrina del shock liburuan azaltzen denak, ordea, guztiz konbentzituta nauka. Kleinek baieztatzen du askotariko hondamendiak aprobetxatzen dituztela agintariek gizarteak beste egoera batean onartuko ez lituzkeen neurri bidegabeak onartzeko.
Eta gure egoerara ekarrita. Krisi garaia bizi dugu, langabezia izugarriarekin, pobrezia geroago eta gertuago… eta beldur kolektibo hori aprobetxatuz erreformak eta erreformak egiten dabiltza. Pentsioak jaitsi, jubilatzeko adina gehitu, soldatak gutxitu, ikasketak garestitu, ongizate zerbitzuak pribatizatu… teoria soila ote?