Amagoia Lasagabaster: "Eduardo Zubiaurre eta maiatzaren lehena"

Erabiltzailearen aurpegia Amagoia Lasagabaster 2011ko mai. 31a, 02:00

Eduardo Zubiaurre ADEGIko lehendakariak GOIENAn idatzitako artikuluaren izenburua hau zen: Maiatzaren 1ak badu zentzurik?

Artikuluaren hasieran, maiatzaren 1ko irudiak "gero eta zaharkituagoak" direla esaten zuen.

Zubiaurreren galderari erantzungo diogu: Patronalarentzako maiatzaren lehenak ez du zentzurik, baina langile klasearentzako bai.

Maiatzaren lehenean "Chicagoko martiriak" aurrera eramandako borroka gogorarazten dugu munduan milioika langilek. 1886an Chicagon eta Estatu Batuetan milaka langile irten ziren grebara, 8 orduko lanaldia eskatzeko. Patronalak polizia bidali zuen eta sorrarazi zuen sarraskiak oraindik gaur egun ezagutzen ez den hildako kopurua sortu zuen.

Munduan, esplotazio kapitalistak bere horretan jarraitzen du: umeen esplotazioa, sindikalisten erailketa, miseriazko soldatak, lanordu bukaezinak; hori, Eduardo, egunero gertatzen da mundu honetan. Eta Gipuzkoan zer gertatzen da? Desenplegua gora doa etengabe, eraikuntzan  kanpotik ekartzen diren langileak lotsagabe esplotatzen dira, baita hemengoak ere. Lehen "mileurista" izatea arazo bat zen, orain subsidioa jasotzen duten "laureunista" ugari daude. Langileon dirua patronala "erreskatatzeko" erabiltzen da (banka ere patronala da, Eduardo) eta ordainetan 67 urte arte lan egitera behartzen gaituzte. Zuk ordezkatzen duzun patronala Europa mailan zerga gutxien ordaintzen duenetariko bat da. Hori, ordaintzen dutenek, noski. Beste askok, iruzur fiskalaz baliatuz, ez dute ezer ordaintzen-eta.

Langileoi lapurtzen dizkigute patronalak jasotzen dituen laguntzak eta, gainera, gure diruaz sostengatzen dugu gizartea. Munduan "modernitatea" Emilio Botin, Diaz Ferran (zure lehendakari ohia), Sarkozy, Berlusconi edo Strauss-Kahn bezalako pertsonek ordezkatzen badute, ohorea da guretzako "zaharkituak" egotea.

Maiatzaren lehenean langile klaseak gure aurretik borrokatu zutenak omentzen ditugu eta gure baloreak berretsi: aberastasunaren banaketa, pertsona guztien duintasuna, hezkuntza eta osasuna guztiontzat. Elkartasunean oinarritutako gizarte bat, finean.

Horregatik, Eduardo, ez duzu ulertzen maiatzaren lehenaren zentzua. Eskerrak milaka euskaldunek ulertzen dugula eta beste behin ere maiatzaren 1ean Bilbon izan ginela.

--------------------------------

Amagoia Lasagabaster
(ELA)
Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak