Denok zikintzen dugun erreka garbitzen jarraitu zenuen zure kabuz. Pertsona gutxik duten konpromisoa, leialtasuna eta ausardia erakutsi zenuen, komunitate guztiari emaniko zerbitzu anonimoa, ingurumenaren degradazioaren aurrean pasibo agertzen den jendarte horri.
Yolanda, mundu hobe batekin amesten zenuen eta errekari beldurra galdu zenion, eta, espero gabe, uraren indarrak berarekin eraman zintuen. Uste dut badagoela jende asko lan egiten duela modu boluntarioan mundua eraldatzeko; hala ere, Udalak eta erakundeek askoz gehiago egin dezakete gai hau hobetzeko: hondakin gutxiago sortzeko kanpaina gehiago egin daitezke edota litxarreria poltsak, zigarrokinak-eta lurrera ez botatzeko sentsibilizazioa landu.
Gure ingurua zaintzeko konpromisoa izan behar dugu, gutxiago zikinduz eta denon artean denona dena zainduz, Yolandak egiten zuen moduan. Erreka garbitu beharko genuke urtero bere omenez, planeta garbiago baten alde bizia eman duen pertsona gogoratuz. Yolanda, hau eta gehiago merezi duzu, eredu izan zara guretzat. Mila-mila esker, agur eta ohore.
---------
Arantza Landaluze
Arrasate