Zer dela eta? Gure Esku Dagoren hurrengo dinamika iragartzeko. Joan zen ekainaren 8ko giza katearen arrakastaren ondoren, Erabakia ehuntzen izeneko dinamika Bergaran ere jarri dugulako abian.
Zein da hurrengo zeregina? Herrian dauden askotariko iritziak jostea, horiek josi ahala ehunduko dugulako erabakia. Desberdinen arteko konfiantza-eremuak sortzea izango dugu helburu, bakoitzaren ideiak besteenekin jostea, eta herritar desberdinen arteko topalekuak eraikitzea. Bidea egitekotan, elkarrekin egin behar dugulako.
Nola? Zeregin hori lortzeko, ezinbestekoa dugu herritar gehienak jostun lanean jardutea, nor bere ingurunean. Dinamika berri horren berri laster emango dizuegu, urtarrilaren 31n herrian egingo dugun ekitaldi batean. Hala ere, informazio gehiago nahi izanez gero, jo Gure Esku Dagoren webgunera.
Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea daukagu, herritarron garaia da. Har ditzagun jostorratzak!
----------
Alazne Mendizabal
(Bergarako Gure Esku Dagoren izenean)
Bergara