Mundua hankaz gora jarri zaigun honetan, berriz, Normal SAko akzioek nabarmen egin dute gora Bizitzaren Burtsan. Ez Nikkeirik, ez Dow Jonesik, ez Ibexik… Bizpahiru hilabeteren buruan, mundutar gehienon jomuga bihurtu zaigu normalidadea. Normaltasuna dugu amets, eta haren bila gabiltza denok, antsiaz.
Berria izango ei da, gainera, normaltasuna. Sentiberagoak izango ei gara, eta solidarioagoak; natura errespetatu, eta bizimodu jasangarriagoaren alde egingo ei dugu. Ei. Bankari bati leitutakoak dira horiek. Atera kontuak, berak ederki aterata izango ditu eta!
Zapatuko Berria-n –egunkarian, ez normaltasunean– J.M. Pastorri irakurri nion ezetz, normaltasun zaharrera itzuliko garela, baina okerrago, pobreago, lotuago… Ni neu ere horretan nago. Hala izan zen 2008ko beste birus haren ondoren, eta oraingoan ere…
Nik dagoeneko sumatu ditut aste honetan bertan normaltasun ustez berri horren lehen atzaparkadak: Bergarara jaitsi, arazo mekaniko baten ondorioz autobusa behar etxera itzultzeko, eta… "Sentitzen dut, baina bertan behera laga zituzten ia guztiak. Autobus bakarra dago goizean, eta beste bat arratsaldean…", telefonoz, Lurraldebuseko neskak.
Kentzen –edo ez berriro ipintzen– hasita, badakigu nondik hasiko diren mozten. Txikitik. Nondik, bestela? Normala…