Halaxe gertatu zitzaigun 2013ko udan Alemania aldera joan ginenean. Berrehunen bat bizikleta egongo ziren Konstantza hiriko tren-geltokiaren aurrealdean, guztiak ere txukun-txukun aparkatuta. Elektrikoak asko eta asko. Etxera itzuli, eta bizikleta-saltzaile lagunari bota nion: "Jesus, hemendik hamar urtera dena elektrikoa!". Beroarena kenduta, ezin esan zeharo oker ibili nintzenik...
Lurrun-makinaren –eta futbolaren– jaioterrian izan berri gara. Han ere garbi asko agertu zait kristalezko bola. Oraingoan, baina, bizikleta elektrikoen irudiak barik, lurrinezko lurrun gozoa –gozoegia, nire gusturako– zekarkidan sudurzuloetan barrena. "Zer ote da?", nik hasieran. Kalean gora eta behera genbiltzala, usaina sumatutakoan, jendearen eskuei arreta pixka bat jarri, eta… Zera da eta! Vaper-a esaten ei zaio gaztelaniaz. Misterioa argitzea nahikoa izan zen vaper-ezko mundu ordura arte ezkutua nire begi-sudurretara ekartzeko: bapeatzaile-ak han eta hemen, denda espezializatu mordoxka, iragarki galantak hormarik preziatuenetan... Hau ere badatorkigu!, nire kolkorako.
Eta, egia esate aldera, hemen zen jada; ufala, baina, ailegatzeke dago oraindik, eta aurki dugu gurean. Adituak ez ei dira ados jartzen: Britainia Handiko Osasun Ministerioak harrera abegikorra egin dio, deabruzko tabako hilgarriaren ordezko onbera delakoan; AEBetako zenbait erakundek, ostera, ardi larruz jantzitako otsoa ikusi dute, batik bat, nerabeen artean izan duen arrakastari erreparatuta, eta ohartarazi digute gazteok betiko tabakora gerturatzeko bide ere izan daitekeela…
Auskalo! Bolari galdetu behar…