Ez hark zerabilen moduan, Hondarribiaren estropadari eta zapatu arratsaldeko eguraldiaren bat-bateko zakarraldiari erreferentzia egiteko. Aurreko orrialdeetan zekartzan kronika eta iritzi-zutabe banak nahastu zizkidaten barrenak.
Ane Irazabalen kronika etsiak, lehenengo. "Bihar eguerdirako etxetik alde egin; bestela, zuen bizitza arriskuan jarriko duzue", "Eremu honetako biztanle guztiek beren etxeak utzi behar dituzte. Ez diegu zibilei eraso nahi"… Horrelako mezuak jaurtitzen dizkiete hegazkin juduek gazatarrei , erasotzaile ahalguztidunaren bihozberatasunaren adierazle. Zer egin, nora jo ote lezake kaiolan giltzapetuak?
Gerra psikologikoa darabil Israelek ere: ahulena jo, zibilak zigortu, desesperazioa eragin… Hala ere, etsaiaren indarra, amorrua eta bortizkeriazko erantzuna areagotu besterik ez du egiten. Mendekua mendekuaren gainean. Gurpil zoro beldurgarria, belaunaldiz belaunaldi kutsatua, alde batekoen nahiz bestekoen artean. Ez da zintzoen eta gaiztoen arteko borroka, giza izatearen botere- (eta mendeku-) egarri aseezinaren isla baizik.
Ondoren, Iñigo Aranbarriren zutabea jo nuen begiz: Sderot zinema. Allan Sorensen kazetari danimarkarraren argazki batzuk aipatzen zituen. Sderot israeldar herriaren inguruko muino baten dago jendea, hondartzako jarlekuetan, jaietako suzko erroberei begira balego bezala, irribarretsu, gustura... Espektakulua, baina, ez da artifiziozkoa: Gazara jaurtitako bonbek eragindako leherketak. Berriro ere, errealitateak gainditu egin du fikzioa.
Boteretsuaren eta ahularen arteko borroka da hau. Hildakoen kontagailua: bi astean, 340 palestinar hil dira; israeldarrak, hamarretik behera. 2008an, orain arte Gazan izan den inbasio bortitzenean, 1.400 palestinar hil zituzten; israeldarrak, 13. Ez dago orekarik, eta horrek, nire ustez, nabarmenago lagatzen du alde baten erantzukizuna. Inporta ote du nork duen arrazoia?