"Danbor-hotsak"

Erabiltzailearen aurpegia Alex Labaien 2013ko ira. 17a, 02:00

Aspaldion, danbor-hotsak dabilzkigu bazterrotan.

Batzuk, hur-hurrean; beste batzuk, urrunago, baina denek eragiten digute zela edo hala. 

Oso berea dute donostiarrek danborra, eta handik hasiko naiz. Aurreko asteburuan jokatu zen Kontxako estropaden bigarren jardunaldia. Ozen zabaldu zuten Korta eta bere mutilek mendekuaren danbor-hotsa, "apurtzera" aterako ei ziren, "kale edo bale". Azkenean, kale... Traineruen barrurako jarduna ikusita, pentsa zitekeen isildu egingo zela danborren burrunba. Ez, bada! Santa Klaratik entzuteko moduko arraun-hotsak eragin zion atzera ere danbor bazter nahastaileari. Bermeo eta Hondarribia aurrez aurre; erdian, epaia emateko ausardiarik izan ez zuen epaile bat. Tristea.

Hondarribiarrek ere bere-berea dute danborraren soinua. Tamalez, domekan gertatu zen bezala, doinu alai eta zirraragarria behar zuena hots iraingarria bihurtu zen astelehen goizean. Jaizkibel konpainiako gizon-emakumeentzat, batik bat. Batzuen borondatea besteen plastiko beltzak berriro ere estalia. Tristea. 

Azken asteotan Madriletik zetozkigun danbor-hotsek, ostera, bestelako doinua zekarten. Hasita zegoen jada danborrada: segurua zen garaipena... Joko Olinpikoei esker, berreskuratu egingo ei zuen Espainia txit gorenak prestigio aspaldi honetan galdua. Aitortu beharra dut sentsazio kontrajarria eragiten zidala Madrilek irabazteak: batetik, Euskal Herritik 300 km eskasera egonda, bazitekeen guri ere onuraren bat ekartzea (turismoa...); bestetik, 2020. urtera bitartean Madrilek zenbateko dirutza xurgatuko zuen/zigun pentsatze hutsak ikaratu egiten ninduen. Azkenean, hauek ere, kale... Ana Botella ikusita (eta entzunda), normala, ezta? Kirolariek ematen didate pena, haiek ordainduko baitute –larrutik ordaindu ere– Madril ez aukeratua (ADO bekak gainbehera...); politikariek asmatuko dute euren malkoak nola xukatu. Tristea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak