Pasa den zapatuan herriz herri eginiko auzolanak taupadak arindu dizkie gure errekei.
Debagoieneko batzordetik eskerrak eman nahi dizkiogu aletxoa bere modura jarri duen parte hartzaile zein antolaketan lagundu duen eragile orori.
Bailaran errekarekiko eta inguruneari loturiko debagoiendarrak badaudela azaleratzeko indar erakustaldia izan da, gure herrietatik pasatzen diren errekekin harremana estutzeko aukera paregabea baliatuz.
Ezagutzen dena soilik zaindu eta maitatzen delako, aurrerantzean gehiago zaindu eta maiteko dugulakoan gaude.
Bestalde, erreka garbiketa burutzean herri bakoitzean puntu beltzak identifikatu ditugu –zenbait establezimendu ingurutan, erabilera handiko guneetan…–, eta gune horietan eragiteko beharra ere azpimarratu nahi dugu; izan ere, soilik guztiok zaintzen dugunean egongo dira osasuntsu gure errekak.
Auzolana gure arbasoek urteetan zehar eginiko praktika da eta XXI. mendean ere zentzua du: komunitatea egiteko, harremanak sendotzeko, gure ingurua zaintzeko eta abar.
Eta aurrerantzean ere auzolanei eta ekintza bateratuei helduko diegu.
Sortutako emaria eten ez dadin, datorren urterako ere hitzordua luzatzen dizuegu.
Urriaren 14an berriz ere Debagoienean Errekak Bizi Auzolanean ekimena antolatzeko konpromisoa hartzen dugu.
----------
Arianne Kareaga Irazabalbeitia
Debagoieneko Erreka Batzordearen izenean
Debagoiena