Erreka garbia eta bizia nahi dugu

Urriaren 6an, zapatu goizez, eguraldi apartarekin, seigarren aldiz aritu ginen erreka bazterrak garbitzen.

Aurtengoan 100 lagun inguru elkartu ginen Zubietako zubi inguruan hasi eta Elorregirainoko tarteetan sakabanatuta. B

atzuk Labegaraietan eta beste batzuk seminarioko patioan elkartu, eta goiz osoa eman genuen lanean, haur zein helduek.

Zikinkeria pila bat atera genuen, eta goiz polita igaro.

Leku askotan aurreko urteetan egindako lana asko igartzen bada ere, aurten bereziki jarri genituen indarrak Elorregi ingurutik Labegaraietainoko tartean dagoen kotoia ateratzen.

Urteetan, oihal enpresak botatakoak uraren azpian kateatzen joan dira eta ikusteko ere ez dira errazak.

Lan neketsua da, eta oso astuna baita, baina uste dugu merezi duela esfortzuak.

Ildo beretik, eta dagokion lekuan salaketa jarriko dugun arren, gutun honetan ere aipatu nahiko genuke nazkatuta gaudela urtero puntu beltz berdinak garbitzearekin.

Esate baterako, Ozaeta eta Martoko arteko ortuetako erabiltzaileek errekara botatzen dituztenak.

Jakin, bidegabea dela horko erabiltzaile batzuk egiten dutena eurek sortutako zikinekin.

Gogora ekarri nahi dugu urtero dioguna: dagoeneko Erreka Lagun mordo bat gara, erreka biziberritzea amets dugu eta epe motz ertainera ibai osasuntsu baten alde lanean jarraituko dugu.

Alde batetik, gure esku dagoena eginez, eta, bestetik, erakunde publikoei zein herritarrei eta enpresei euren eginbeharrak bete ditzatela eskatuz.

Garbitzen eta eragiten jarraitzeko bokazioa daukagu.

Lerro hauekin, eskerrak eman nahi dizkiegu zapatuko ekimenean lagundu ziguten honako erakunde hauei: Beti Busti elkartea, Debagoieneko Mankomunitatea, Bergarako Udala eta Artatse elkartea, hain zuzen.

Eta, nola ez, ekimenean zuzenean parte hartu zenuten lagun guztiei!

Eskerrik asko!

Eta datorren urtera arte!

----------

Arianne Kareaga Irazabalbeitia

Erreka batzordearen izenean

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak