Bai, ulertzen dut batzuentzat astuna izan daitekeela nire hitz hauek beste behin irakurtzea, baina sentitzen dut; esan beharrean nago, gaur egun bizi dugun immobilismoaren aurrean.
Arrasate maite dut eta etorkizuneko Arrasate ederra nahi dut nire alabarentzat. Hori izan zen nire motibazioetako bat orain bi urte zinegotzi izateko konpromisoa hartu nuenean. Baina pena, pena da gaur egun sentitzen dudana.
Ezin dugu ukatu azken hamarkadan Arrasatek bizi izan duen eraldaketa itzelezkoa izan dela: San Andres, JAME, Kulturola, bidegorri sarea... Diru asko inbertitu da Arrasaten herri politagoa, irisgarriagoa eta atseginagoa egiteko. Gauza askoz gehiago egin dira, eta dena, herriari xentimo bat gehiago eskatu gabe, kudeaketa egokiarekin besterik ez.
Ezin ahaztu pandemia madarikatua. Zenbat buruko min, zenbat negar, zelako ardura, nolako ezinegona. Baina aurrera, beti aurrera.
Eta honen guztionen aurrean Maria, Maria Ubarretxena. Baina Mariaren atzean talde oso bat. Denok elkarrekin itsasontzia aurrera eramaten, zailtasunei aurre egiten.
Eta bai, gaur egun Maria denok ikusten dugu beste itsasontzi handi baten, Eusko Jaurlaritzan. Gure Euskadi maitearengatik borrokan. Egunero han eta hemen, Madrilera joan eta etorri. Lan osoaren emaitza, Euskadi lortzen ari den transferentziak. Eta bai, noski! Lan asko du aurretik, baina Arrasate eraldatzea lortu zuen bezala, ziur nago Euskadirentzat etorkizun oparoa izateko lorpenak izaten jarraituko duela.
Zorionekoak gu, euskaldunok, Mariaren eta bere inguruan duen lantaldearen lanarekin kontatzen dugulako.
Ikusi nahi ez duenak ez du inoiz ikusiko, ez du inoiz onartuko, baina errealitatea eta emaitzak bertan daude eta ezin ditugu ukatu.