Hilabete luzeak kaleen norabideak, bidegorri sarea, TAO sistema, garraio zerbitzua… nori lehentasuna eman, nola antolatu… Ez da lan erraza izaten ari.
Udalean zinegotzi izan bitartean, zaila da imajinatzea herrian izan dezakegun ardura eta eragina nolakoa den. Lantalde baten erabakiek egundoko garrantzia dute hurrengo urteetarako, eta mugikortasunari dagokion aldean ardatz asko dira landu beharrekoak. Hurrengo urteetan Arrasatek izango duen mugitzeko plana da bertan lantzen gabiltzana. Auzo batetik beste batera edota norberaren etxetik ospitalerainoko bidea nola egin beharko dugun plan honetan finkatuko da. Azterketa sakona behar duen lana da. Ez da txantxa kale baten, auzo baten, herri baten… nola mugitu behar dugun antolaketa burutzea, eta guztioi eragiten digun lana da; haur, gazte nahiz helduoi. Guztiok erabaki behar dugun erronka da hau.
Aurreko bi legealdietan EAJ izan da Udal Gobernuan, eta zortzi urte luzetan oposizioaren aldetik "parte-hartzea" eta "galdeketa" izan dira behin eta berriz entzun ditugun eskaerak. Herritarrei galdetu, herritarrekin erabaki, herritarrei entzun… Eta horretan ibili gara, parte-hartze prozesu ezberdinak aurrera eramanez; Grupo San Juaneko prozesua, kasu.
Hirigintza Aholku Kontseilua sortuta dago, hirigintzako gaiak lantzeko, eta behin eta berriz eskatu dugu bertan Mugikortasun Planeko zenbait gai aztertzea. Azken eskaera Mugikortasun Planak jasotako alegazioak bertan eztabaidatzea izan da.
Baina badirudi 2023an parte-hartzea eta galdeketa kontzeptuek esanahia aldatu zutela, Udal Gobernuaren kolorea aldatu zen bezala. Ematen du 2023an inposizioa kontzeptua berreskuratu zuela Arrasateko Udalak, eta oraindik ez garela konturatu, edo bai?