Zer moduz? Ba...

Erabiltzailearen aurpegia Agurne Juldain 2021ko mai. 7a, 00:00

Oso arrunta da "zer moduz?" galdetzea edonori, ezta? Norbaitekin topo egitean, telefonoz deitzean, mezu bat bidaltzean… Agurtu eta lehenetako galdera izaten da.

Edozein elkarrizketa hasten dugunean erabili ohi dugun galdera izaten da "zer moduz?", eta horren ondoren edozein elkarrizketa etor daiteke. Bueno, edozein elkarrizketa, baina, gaur egun, etengabe elkarrizketa guztietan edo, guztietan ez bada, gehienetan gai bakarra dugu. Aspertuta nago, benetan!

Ez dakizu zertaz nabilen? Benetan? Ni oso aspertuta nago. Aspertuta edo nazkatuta. Horrek ez du esan nahi asko hitz egiten ez dudanik gai horretaz, baina, benetan, neure buruari erronka jarri diot gai horri buruz etengabe ez hitz egiteko. Aldaketaren beharra dut. Lehen nituen elkarrizketak izateko beharra dut.

Zergatik? Zergatik ez dudan gai berari buruz hitz egin nahi etengabe? Ba, horregatik, aspertuta eta beteta nagoelako. Egunero, orduero, minutuero, guztiekin, etengabe! Etengabe gai horri buruz hitz egiten! Nahikoa da! Goazen beste gai batzuez hitz egitera. Lehen egiten baldin bagenuen orain ere egin dezakegu, eta nik, behintzat, ahalegindu egin behar dut beste gai batzuk, lehengo gaiak, lehengo asuntoak… berriz nire bizitzara ekartzen. Prest nago indarrez jarrera aldatzeko eta indartsu nago erronka berri honi aurre egiteko.

Zu ez dakit, baina ni, behintzat, prest nago gai ezberdinez hitz egiteko eta "zer moduz?" galdetzerakoan betiko, gaur egungo, gai aspergarrian ez jausteko!

Oraindik ez dakizu zertaz nabilen? Benetan? Ba, orduan, zorionak! Zu ez zaude nire egoera berean eta zuk lortu duzu nik neure buruari jarri diodan erronkari aurre egitea. Nik ere itxaropena badut zuri bezala aspergarria zaidan gai horretaz ez hitz egiteko, eta, horregatik, oraintxe bertan konturatzen nabil nahiz eta gai aspergarriez hitz egiten egon ez dudala gaia aipatu ere egin. Zorionak, Agurne!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak