Aurretik, ia egun guztiak gozoak ziren, alaiak.
Lana bai, baina lan gozoa izan dut azken urteetan; agian, errealitate batetik urruti, ez dakit.
Jaiotzen garenetik ditugu ametsak, batzuk egunez, beste batzuk gauez, esna gaudela edo lotan.
Ametsak, batzuetan, gozoak izaten dira, bai esna, bai lo gaudela. Beste batzuetan, ametsak amesgaizto bihurtzen zaizkigu.
Bizitzeko, ametsak behar ditugu, esperantza bat, jarraitzeko indarra… baina, askotan, ibilbidea gogortzen duen harriz betetako motxilarekin dator ametsa. Bizitza horrelakoa da, emozioz beteriko bizitza, bai hemen, bai han.
Gogorra da ikustea amets batekin urrunetik datorren pertsona bati bere ametsa amesgaizto bihurtzen zaiola errealitatearen betaurrekoak jartzen dituenean.
Urrunetik Europa amesten duen jende asko dugu gure inguruan; behin hona heldu, eta bere ametsa amesgaizto bihurtzen da askotan.
Gu ere oso urruti ez gaude ibilbide honetatik. Zenbat eta zenbat lagunek utzi dute beraien herria Europara salto egiteko eta aukera bat lortzeko? Europatik Europara!
Europako beste herrialde batzuetara gure inguruko gazte askok salto egin dute amestutako ametsa egia bihurtzeko asmoarekin. Batzuk ondo, beste batzuk okerrago, baina gehienak bide gogorra egiten. Beste hizkuntza bat, bizitzeko beste modu bat…
Berdin da handik hona edo hemendik hara, helburua da ametsak egia bihurtzea. Bide batetik ez bada, bestetik.
Bidea elkarrekin egiten badugu denok ikasiko dugulako zerbait.
Lehenengo pausoa ametsa izatea da, eta gero gerokoak; ametsak gaiztotzen bazaizkigu, bidea aldatu eta berriz amets gozoaren bila.
Hau da jarraitzeko indarra! Esperantzaren bidea!