Agiri baten indarra

Erabiltzailearen aurpegia Agurne Juldain 2017ko ots. 3a, 00:00

Urteak dira lehenengo aldiz atzerritar batekin topo egin nuela. 37 urte! Jaiotzen garenetik atzerritarrekin gaude eta.

Atzerritarra zure etxetik kanpo bizi den edonor da, zu zeu zara, ni neu zure etxera joaten banaiz atzerritarra naiz. Baina, normalean, atzerritarrak beste batzuekin identifikatzen ditugu, ezta?

Badira aste batzuk Caritasen lanean nagoela; atzerritarrekin, gehienbat: sahararrak, pakistandarrak, marokoarrak, nepaldarrak, txiletarrak, hondurastarrak… bizitza hobe baten itxaropen batekin datozen atzerritarrak. 

Benetan pentsa dezakezu beraien etxea, familia edo lagunak pozik utzi dituztela? 

Zuk utziko zenituzke? 

Batzuek gure etxean topatuko dute amestutako bizitza proiektua, baina, seguruenik, hori bizitzaren kasualitate bat izango da. 

Gehienon asmoa etxera bueltatzea da. 

Bizitza oso kapritxosoa da batzuetan eta gerta daiteke hemen aurkitzea amestutako bizitza, baina hori oso kasu gutxitan gertatzen da, pelikuletan asko.

Atzerritarra zarenean agiriak behar dituzu zure egoera orekatzeko, egoera administratibo erregularra bilatu behar duzu. 

Egoera irregularrean bizi zarenean ez duzu ia ezertarako eskubiderik, ezta lasaitasunez lo egiteko eskubiderik. Egun osoan beldurrez zerbait gerta daitekeen beldurrez.

Aurreko astean, orain urte batzuk bizitako antzerako egoera bat errepikatu zen. Bat-batean gaueko hamaiketan telefono dei bat jaso eta, "Agurne, taldeko bi harrapatu dituzte". Gorputz osoan hotza sentitu nuen eta bihotzean beldurra, pena, tristura, haserrea…

Zer-nolako indarra izan dezake lehen mundu deitzen diogun honetan agiri batek, ezta? 

Batzuontzat hain erraza izan daitekeen prozedura administratibo batek atzerritarrentzat Everest igotzea baino zailago bilakatzen da, lasaitasuna emango dion agiria lortzea, lo lasai egiteko agiria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak