Orokorrean, esan dezakegu gehienontzat Gabonak garai tristeak direla, batez ere adin batetik aurrera. Niretzat ez. Bizitza gogorra da, bai, baina, askotan, guk gogorrago egiten dugula uste dut.
Gertuko norbait hiltzen bazaigu Gabon garai inguruan, batez ere Gabonak heldu baino apur bat lehentxeago, orduan, Gabonak tristeak izango dira, baina maiatzean, otsailean, urrian… hiltzen bazaigu, orduan, Gabonak, agian, ez zaizkigu hain tristeak egingo. Edota etxean haur txikien irribarrea izaten badugu, orduan, Gabonak pozik pasatzeko aukera gehiago izango ditugu.
Ba, nire kasuan ez. Niri ere gertukoak hil zaizkit, Gabon garaitik gertu eta urrun, baina nik Gabonak pozik pasatzea aukeratu nuen orain dela urte batzuk. Gogorra da Gabonak maite dituzun horiekin ezin pasa izana, baina joandakoek zu triste egotea nahi dutela uste duzu? Ni ziur nago ezetz!
Norberaren aukeran zati handi bat dago pozik edo triste egoteko egun batean edo bestean, eta, bizitza gogorra izanda ere, norberak topa dezake pozik egoteko aitzakia, haur baten irribarrea izan gabe. Norberak egin diezaioke irribarre bizitzari; zentzuz, baina irri.
Ez al da polita Gabon egun hauetan herritik paseoan joan eta ditugun argi politak ikusi eta kantu alaiak entzutea? Egin irribarre eta sentitu pozik, bizitza bakarra dugu eta; tristea da dugun bizitza bakarra izanik triste bizitzea. Ala ez?