"Ongi etorri, uda!"

Erabiltzailearen aurpegia Agurne Juldain 2013ko eka. 18a, 02:00

Orain dela egun batzuk idatzia egitea tokatzen zitzaidala esaterakoan urduri jarri nintzen berriz.

Nire buruari galdetzen nion behin eta berriz: zein gai landuko dut? Zer idatziko dut? Ezin erabaki, baina etengabe buruan gai bat bueltaka: 2013ko udaberria. Egunak, asteak... hilabeteak daramatzat horren inguruko haserreak entzuten. Ni ere haserre nago. Baina eguraldi kontuetan… ezer gutxi dugu egiteko! Gogorra izaten dabil urtea, 2013a gure bizitzetan geldituko da udaberririk gabeko urtea bezala. Udaberria gauez pasa dela esan dezakegu!

Niretzat urtaro politena da, negu hotz eta ilunetik udaberri loretsu eta argitsura pasatzeak indarberritzen nau eta gorputza pozten dit. Baina aurten, ze tristura! Astean zehar euria, asteburuan euria, goizez hotza, gauez handiagoa… Laster udan sartuko gara eta batzuek diote ez dela uda oso ona izango, baina… udaberria bezain tristea izango da? Ez dut uste!

Nik badaukat beste gaitxo bat pozik egoteko. Ez bakarrik udaberriari agur esatea eta udari ongietorria ematea. Orain urte bat martxan jarritako proiektua aurrera doa eta bizi ditugun egunak ikusirik… pozik egoteko arrazoiak baditut! Urte bat da urtetan buruan izandako ideia bat azkenean martxan jarri nuela. Proiektu gogorra izango zela banekien, agian ez izaten ari den bezain gogorra, baina pozik nago! Horregatik, egun gutxi barru, orain urte bat martxan jarritako proiektu pertsonalaren urteurrena izanik ospatu egingo dut. Betidanik gustatu zaidalako edozein aitzakia izatea ospakizunetarako, eta oraingoan aitzakia handia da. Eta nire poza guztiokin konpartitu nahi dut eta horregatik festa txiki bat prestatzen nabil. Nire proiektua zuek gabe ezinezkoa izango zelako eta denoi eskerrak ematea beharrezkoa dudalako urte gogor honen amaieran gaudelako, udaberriaren amaieran bezala.

Beraz: agur, udaberria; ongietorri, uda; eta zorionak, Sumendi!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak