"Mendebaldeko Sahara eta azaroa"

Erabiltzailearen aurpegia Agurne Juldain 2012ko aza. 17a, 01:00

Herri sahararrak urte gehiegi daramatza borrokan bere askatasuna eskatuz...

... bere eskubidea aldarrikatuz. Urte asko izanik borrokan daramatzanak, bereziki urte osoko hilabete batek erakusten digu herri sahararrak bizi duen egoera gatazkaren lehen egunetik. Hilabete deigarrienetakoa dugu azaroa, hilabete luzea eta odolez margotutakoa. 

1975eko azaroaren 6an hasiera eman zitzaion Martxa Berdeari, Marokok Mendebaldeko Sahara indarrez hartzeko emandako lehen pausoa. Urte bereko azaroaren 14an Espainiak, Marokok eta Mauritaniak hiruko hitzarmena sinatu zuten Mendebaldeko Sahara Maroko eta Mauritania artean banatzeko. Herri sahararra Marokoko errege hiltzailearen eskuetan gelditu zen eta gaur egun jarraitzen du.

2010eko azaroaren 8an Marokoko errepresio indarrak Aaiungo hirian sahararrek jasotako Gdeim Izik kanpamentuetan indarrez sartu ziren, bertan zeuden 20.000 sahararrei indarrez eraso eginez. Kanpamentuaren helburuak herri sahararraren giza eskubideen bortxaketa salatzea eta herriaren askatasuna eta autodeterminazioa eskatzea ziren. Urte gehiegi daramatzagu sahararrak eta haien lagunak garenok haien eskubideengatik borrokan. Bitartean gatazka honen arduradun nagusiak, Espainiako Gobernuak, beste alde batera begira segitzen du.

Idatzi honen bitartez Arrasateko Nubi Elkarteak Arrasateri gogoratu nahi dio herri sahararrak gatazkan segitzen duela, atxiloketek eta giza eskubideen urraketek Mendebaldeko Saharan jarraitzen dutela, azken egunotan Mendebaldeko Saharatik herri sahararraren alde egunero borrokatzen dugunon zenbait lagun indarrez bota dituztela. Baina egunetik egunera herri sahararrak bizi duenaren egia kaleratzen segituko dugu. Herriak askatasuna eta autodeterminazio eskubidea lortu bitartean, Nubik gatazkaren salaketa egiten segituko du, urte asko igaro arren Espainiako Gobernuari ardura eskatzen segituko du eta Maroko hiltzailea den salaketa egiten segituko du.  Herri sahararrak, beste herri batzuek bezala, bere etorkizuna zein izango den erabakitzeko eskubidea duelako.

Autodeterminazioa eta independentzia herri sahararrarentzat! Maroko errudun, Espainia arduradun.

---------------------

Agurne Juldain

(Nubi elkartea)

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak