Txikitatik atsegin izan ditut gozokiak eta mota guztietako gozokiak existitzen zirela banekien, baina azken hilabeteetan ezagututakoak... hau zoramena!
Batzuk gorriak, besteak urdinak, mingaina margotzen dituztenak, txiklea gozokiaren barruan dutenak, gogorrak, bigunak… aukeratzerakoan hauek zalantzak azaltzen direnak! Askotan, aukeratzerakoan, gustukoak dituzunak aukeratzen dituzu, eta batzuek diote hori akatsa dela. Nik, adibidez, beti edo ia beti berdinak aukeratzen ditut, edo antzerakoak direnak, behintzat. Baina ez nik bakarrik, hilabete hauetan konturatu naiz ia gehienok ditugula antzerako gustuak, edo badaudela, behintzat, betikoak diren gozokiak edo antzerako gozoki mordoa.
Betikoak diren gozokiak eta adin guztietarako balio duten gozokiak daude. Adibidez, erregalizak. Erregaliz mota asko aurki ditzakegu. Lodiak, meheak, marrubi zaporedunak, marrubi zaporedunak baina azukrea gainetik dutenak, gozoagoak, mikatzagoak, zapore askotarikoak… Edonor dendara sartzen dela ere, erregaliz ezberdinen bat erosiko du, seguruenik, baina denek edo gehienek betiko erregaliz gorria lehen 5 pezetakoa eta gaur egun 5 zentimokoa erosiko dute, ziur!
Beste adibide bat, txupatxusak. Txupatxus piloa aurki ditzakegu merkatuan. Behin mota batek funtzionatzea eta merkatuan egonkortzea lortzen badu, hurrengo urtean txupatxus berdina egingo dute zapore ezberdin batekin edo dituzten bi zapore edo bi produktu elkartuko dituzte eta produktu berri bat egingo dute, berdina ez, antzerakoa, baina… oso antzerakoa!
Gozoki-denda batera gerturatzen bazara, aztertu irakurritakoa. Bilatu betiko txupatxus hori edo erregaliza eta ikusi ondoan zer dagoen.
Eta, batez ere, ikusi jendeak zer erosten duen; berria bai, baina betiko gozokia baita ere.