Gutxitzearen alde nago, beharrezkoa denean bakarrik erabiltzea da egin genezakeen onena. Baina poltsei prezioa jartzea multak ez kobratzeko ez dut uste mentalizatzeko modu egokiena denik. Gure dendan saiatzen gara beharrezkoa denean bakarrik eskaintzen poltsak, baina ez da erraza guztiz kentzea. Pentsatu igande arratsalde batean paseoan zabiltzala, goxokiak erostea okurritu, eta etxera joan behar duzu poltsa hartzera? Bost xentimoko poltsa maskal bat erosi, gero ez erabiltzeko?
Gai honi buelta asko eman diogu dendan. Saiatu gara irtenbideak topatzen, baina, oraingoz, topatu dugun irtenbide onena da: bakoitza arduratu dadila gero poltsari ematen dion erabileraz. Guk, ahal dugun heinean, birziklatu egiten ditugu. Laster egongo da dendan jarrita kaxa bat erabilitakoak batzeko. Zertarako izango diren?
Txakurren kakak batzeko, adibidez. Opor sasoiko arratsaldeetan, gaztetxoek poltsa handiak hartu eta herriko bazterretan zakarra batzen jardun dute –poltsa txikiak eskularru gisa erabili dituzte–. Hori bai dela borondate eta kontzientzia maila ona! Hori bai dela plastikoaren gaiari beste buelta bat emateko konponbide ona!