Eskoriatzako EAJ, argudio faltan, gezurretan eta mehatxuka

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Zubizarreta 2015ko aza. 12a, 10:34

Azken bi asteetan Eskoriatzako EAJ, alkatea buru duela, datu faltsuak eta irakurketa okerrak edo erdizkakoak zabaltzen ari da, Eskoriatzako herria nahastu eta engainatzeko helburu bakarrarekin.

Bilketa bera nahasten dute zerbitzuari dagokion gestioaren kostuarekin. Hondakinen gestio integralak ez du soilik bilketa kontuan hartzen, baita ondorengo tratamendua, gastu eta sarrerekin. Eta hona hemen EAJk ezkutatu nahi duen egia: gaikako bilketak sarrerak nabarmen gehitu ditu eta erdira murriztu ditu birziklagarriak ez diren hondakinak uztearen kostuak. Eta datuekin frogatuko dugu.

Debagoieneko Mankomunitateak 2015eko urriaren 8an egindako txosten teknikoaren arabera, bilketa selektibotik eratorritako sarrerak, papera, kartoia eta ontzien salmentagatikoak, 2012ko 792.024 euroetatik 2015eko 1.786.887 euroetara pasa dira; hau da, milioi bat euro gehiago. Eta errefusa (grisa) hainbeste murriztu da, 2012tik gaur egun arte tratamendu kostua ere –zabortegia, konpost planta...– 1.160.979 euro murriztu da, %50,61 gutxiago. Eta hau guztiau ez litzateke posible izango Eskoriatzako herritar ia guztien esfortzu eta parte-hartzerik gabe.

Bilketa kostua handiagoa da, noski; beti esan dugu. Baina ez al da hobea enplegua sortzen eta ingurumena kontserbatzen inbertitzea? Sistema hau baliagarria da, %80 inguruko bilketa tasekin, Debagoieneko eskualdea Europan erreferente bilakatuz. Krisi garai honetan enplegua sortu du, eta ingurumena eta osasun publikoa babestu.

Eskoriatzako herriari xantaia: oso larriak iruditzen zaizkigu beldurraren diskurtsoaren manualetik ateratako mehatxuak, Eskoriatzako EAJren arduradun nagusia den Joserra Zubizarretak botatzen dituenak. Argumentu faltan, hondakinen tasa izugarri igotzearekin mehatxu egiten dute, 170 euro arte. EAJk zabalduriko beste gezur bat, ez dagoen lekuan alarma soziala sortu nahian. Mankomunitateko txosten teknikoak jasotzen duenez, 2015ean tasa 114,22 eurokoa izan beharko litzateke, hondakinen kudeaketak dakarren kostua %100 estaltzeko. Gainera, egoera hain apokaliptikoa balitz eta tasa igo beharra balego, EAJk zergatik mantentzen du tasa 2016rako ordenantzetan? Edo zergatik EAJk ez zuen tasak ez igotzearen aurka egin 2013an eta 2014an?

Beraz, bai, zerbitzuan defizita badago; ez dira gastuen %100 estaltzen, beste hainbat zerbitzutan bezala –kiroldegia, ur-hornidura, hilerria...– Eta bai, tasa kostuen estaldurara egokitu behar da. Baina legegintzaldi honetan zerbitzu guztietan kostuen %100 estali arte igoko dituzuela tributuak sinestarazi nahi diguzue? Jakin ezazue legez debekatuta dagoena (11/1989 Foru Araua) zergadunari zerbitzuaren kostua baino gehiago kobratzea dela.

Xantaiarekin batera, gezurrak ez dira amaitzen. Gezur bat mila aldiz errepikatuta ere ez da egia bihurtzen. Gezur baldar eta manipulatzaileetariko batek dio atez ateko bilketa ezartzeagatik Eskoriatzak Mankomunitateari egin dion ekarpena milioi erdi eurokoa izan dela 2011tik. Hondakinen zerbitzuagatik Udalak egindako ordainketak 2011tik 2015era 123.700 euro gehitu dira, beste urte batzuetan baino gehiago. Baina komeniko litzateke norbaitek azaltzea Eskoriatzak Mankomunitateari egindako ekarpenaren gehikuntza, sistema aldaketa izan gabe ere, egin beharreko inbertsio batzuen ondorioa dela –kamioi berriak–, eta baita Elorreta eta Santa Marina herriko erroldan sartu izanaren ondorioa, honek Mankomunitatearen karga orokorretan Eskoriatzaren parte-hartze handiagoa dakarrelako. Edo bazenekiten? 2007 eta 2011 artean ekarpena 92.854 euro handitu zen, eta garai hartan ez zegoen atez atekorik.

Azkenik, baina ez garrantzi gutxiago duelako, elizateetako bilketa zerbitzua aldatzearen mehatxuak daude, bertako bizilagunen onarpen eta parte-hartze altua duen zerbitzuarena, bilketa selektiboko tasa oso onak lortzen dituena. Jarrera hau agintari publiko bati baino xantaiagile bati dagokio.

Ondorioa: gezur eta mehatxu hauekin, EAJ gai honi etekin politikoa ateratzeko edozertarako prest dagoela frogatzen da. Nahiago du iruzurra egin bere benetako interesak defendatzeko eztabaida politiko bat abiarazi baino: erraustegiaren eraikuntza. Hondakinen bereizketa jatorrian –gure etxeetan– egiteari eta hondakinen tratamenduari apenas egiten die aipamenik. Eta azkenik, zein da sistemaren aldaketaren helburua? Bilketa tasak mantendu edo hobetu nahi dira? Emaitza onak lortuz gero, bilketa sistema independentea da, kalitatezko eta efizienteak diren zerbitzu publikoekin konbinatuz; Eskoriatzan jada badugun sistema.

----------

Aitor Zubizarreta

Eskoriatzako EH Bilduren izenean

Eskoriatza

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak