... Urdangarin eta aditzera eman diren azken ustelkeria kasuekin. Denon ahotan dabiltzan gaiak dira, baina badirudi ez garela batere harritu eta era pasiboan onartzen ditugula; finean, denok dakigu ustelkeria beti existitu izan dela, existitzen dela eta gurekin jarraituko duela, eta gehiago gizarteko estamentu horietan.
Zer gertatzen zaio gizarteari? Horren lo al gaude? Nor bere zilborrera begira, gure egunerokotasunak irentsirik, ez al dugu ezer egin behar? Errealak edo Athleticek irabazten jarraitzen duten bitartean… guri bost axola! Bejondeigula.
Aspaldian badirudi norbanako bakoitzak gure buruari soilik begiratzen diogula, gure gurasoengandik jasotako baloreak galtzen ari gara, non geratu dira elkartasuna edo laguntasuna?
Berdin-berdin kalean gaudenean edo erakunde, talde edo elkarte bateko parte garenean-ere, garrantzitsuena bakoitzak bere esparrua ondo antolatzea da, norberaren helburua erdiestea eta auzokidearena?
Urdangarin, Barcenas eta horien gorabeherek ez didate lorik kentzen, goi-maila horietan beti antzera izan delako, gizarteko beste eremuetan antzeko jarrerak ikusteak arduratzen nau, herrian, gure jarreretan; nora goaz? Ze adibide utziko diegu ondorengoei?