"Ezker Batua"

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Izagirre 2011ko abu. 17a, 02:00

Irratiko tertulia baten entzun nion aspaldi iritzi-emaile profesional horietako bati konparazio zital bat.

Ezker Batuaren eta Osasuna futbol taldearen arteko konparazioa, hain zuzen. Haren ustez, Osasuna euskaldun askoren bigarren taldea da: futbolzale askok Osasunak irabaztea nahi du, baina horien talde kuttuna beste bat da, "gorritxoen" taldea, bigarren aukera da. Politikan ere berdin, askok begi onez ikusten du EB, baina hautestontzian bozka sartzeko orduan kuttuneko alderdia beste bat da.

Ezker Batuak azken asteotan eman digun ikuskizuna Osasunak Nafarroako Erreinuan inoiz jokaturiko partida ikusgarrienarekin konpara daiteke: jokoz kanpoko jokaldiak, faltak, kanporatzeak, golak… eta bitartean harmailetan ikusleok zur eta lur zelaian gertatutakoa ulertu ezinda. Auzo lotsa sentitu dugu askok egoerarekin, Ezker Batuak (izena ere paradoxa bilakatu da) partida eta maila galdu ditu.

Gorabehera askoren ondoren, taldeak bitan zatituta jarraitzen du eta azken hilabete honen ostean, berriz adiskidetzea ezinezkoa izango zaie. Hobe lukete alderdia desegin eta modu duinean bukatzea, bestela, bukaeran, eta futbolean gertatzen den moduan, epaile batek hartuko ditu erabakiak eta berehala ikusiko ditugu bi korronteak erabakiaren bidegabekeria prentsaurrekoan salatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak