Nik ere nire selekzioa animatu nahi dut bufandak astinduz, baina paperean nire selekzioa beharko lukeen Espainiako la roja ez dut nirea sentitzen. Selekzio horrek ordezkatzen duena da nirea sentitzen dudan euskal selekzioak nazioarteko lehiaketetan parte hartzea galarazten duena. Horregatik, Espainiak galtzea nahi dut. Esaten didate politika eta kirola bereizi egin behar direla. Oso ondo geratzen da esatea kirolaren alde ona nabarmendu behar dela politikaren txarraren gainetik, esaldi polita da, baina gezur hutsa. Selekzioen arteko kirol lehiaketetan kirola politikaren interesetara bahituta geratzen da; are gehiago, futbolean, daukan oihartzunagatik. Eta hori argi geratzen ari da aurtengo txapelketan. Euskal selekzioak izatearen edo arlo horretan ere gure espainiartasuna asimilatzearen arteko lehian makal bagabiltza, la roja-k zenbat eta emaitza hobeak lortu, orduan eta ahulago egoten gara. Lehia politiko hori ere jokoan izaten da selekzioen arteko txapelketetan.