Ez da niri bururatuko esamoldea, Antxine Mendizabal idazleari irakurri diot horrelaxe sentitzen dela daukan adinarekin, eta, horretarako, beste idazle batek, Yolanda Arrietak esandakoa hartu du. Antxine eta Yolanda, biak nire adin bueltakoak. 60ko hamarkadan jaiotakook zahartzaroaren lehen zantzuak antzematen hasi garen unea azaltzeko esamolde polita da.
Aurrerantzean zahartzaroan murgiltzen joango gara, eta ez da oharkabean izango. Hemendik aurrera, urte askotan rock'n'rolling dantzatuz ikusten dut nire burua, zahartzaro osasuntsu eta aktiboan. Egun hauetan bada helburu hori lortu nahian egindako ekitaldia. Ekimen horri sumatzen diot alde guztietatik erakusten diguten bizimodu zoragarri eta eredugarri eta, askotan, engainagarri baten jarraipentzat azaltzea zahartzaroa. Sano eta bixi egon nahi dugu denok zahartzaroan, baina zahar-etxera bisita egitea ere ona izaten da, edozein dela gure adina, gizakion hauskortasunaz jabetzeko.