Ideiak ere bat baino gehiago buruan, baino nahaspila horretatik ezin ideia garbi bat zehaztu. Politika baztertu eta gai neutroa hartu dut, askotan zer esan ez dakigunean egiten dugun bezala. Eguraldia aipatuko dut. Asko hitz egiten dugu eguraldiaz, baina gai hau ez da erabat neutroa, badauka politikarekin lotura. "Gu lehortearekin hainbestean, baina beste leku batzuetan bai dabiltzala gaizki". Sarri entzun dut esaldi hori lehorte garai honetan.
"Beste leku" horiek zein ote diren galdetu izan diot neure buruari, Araba edo Nafarroako hegoaldeaz ari ote diren, edo, agian, Afrikan edo Hego Amerikan gertatzen ari diren lehorteei buruz. Baina ez, zehazten hasita, Espainiako Estatuko lurraldeak dira "beste leku" horiek.
Eguraldiaren informazioa ematerakoan jartzen den mapak argi erakusten du informazioa ematen duenak onesten duen marko politikoa. Ikusi dut eguraldi kontuetan ere Espainia dugula erreferente nagusia.