Udan geldi egon diren kultur eta kirol jarduerak ere martxan jartzen dira. Futbola, adibidez. Gure bailaran senior mailako bi talde dauzkagu: Bergara eta Leintz Arizmendi, biak Gipuzkoako ohorezko erregional mailan –mutilen beste batzuk ere badira maila berean–, eta esango nuke zaintzen asmatuko bagenu potentziala dagoela talde gehiago eta maila altuagotan egoteko. Leintz Arizmendin Leintz bailarako eta Oñatiko taldeetako indarrak batu dira eta ni taldearen animatzaile izango naiz, gertutasunagatik. Arazoa sortzen zait, ordea, taldea animatzerakoan, "Aupa Leintz Arizmendi Aloña" esatea luze samar egiten zait. Horregatik, elastikoa goitik behera zeharkatzen duen marran oinarrituta, "Aupa Tximistak" esatea bururatu zait. Beraz, Aupa Tximistak eta urte berri on denoi.