Oporren on-aldia aipatu dugu oraingo aldiarekin kontrajarriz. Esandakoak entzunda, zenbaitentzat kontraste hori muturrekoa izan daitekeen sentsazioa jasotzen dut, oporretan dena zorion eta egunerokora itzultzea, aldiz, hurrengo oporraldia heldu arte nahitaez pasatu beharreko penitentzi aldia. Itogarria izatera heldu daitekeen ohiko bizimoduari ihes egiteko baltsamoaz hartzen ditugu oporrak, izan udako opor luzeak edo urtean zehar hartutako opor pilulak. Ohikotasunari aurre egiteko indarra hartuko dugun uneak izatea nahi dugu. Horregatik esango dugu oporrak aprobetxatu egin behar ditugula.
Nik ez daukat argi nola aprobetxatzen diren oporrak, ez dakit oporretan egindakoa noiz heltzen den espektakularra edo brutala izatera. Oporretan indarrak hartzeko modurik egokiena zein den ere ez dakit, baina iruditzen zait, geroz eta gehiago, ohiko bizimoduaren abiaduran bizi nahi izaten ditugula oporrak ere.