Udan gerizpea eta udazkenean orbel alfonbra jartzen digun zuhaizti atsegina, paseatzeko leku aproposa, irakurtzeko, bertan egoteko, jolasteko…
Egiten duzuna egiten duzula, naturarekin kontaktuan zaudela sentitzeko unea. Kirola egiteko ere aparta da. Zenbat kilometro egin ote ditut nik bertan korrika? Alde batera bueltaka batzuetan, beste aldera hurrengoan eta zeharka ere bai, beste hainbatetan. Nik bezala, beste askok. Orain badira bertan korrika egiteko zirkuitu argiztatua egitea proposatu dutenak. Askotan erlojuaren arabera antolatuta daukagun gure bizimodua eta naturaren zikloa ez datoz bat.
Korrika egin nahi duenak, esate baterako, zailagoa dauka urte sasoi honetan egun argiz egitea, baina gure nahiak asetzeko noraino da zilegi natura urratzea? Kasu honetan ezezkoan nago, ahalik eta gutxien ukitu behar dela San Martin. Natura, horixe eskaintzen digu San Martinek kaletik pauso batera eta horren truke, iruditzen zait urraketarik gabe zaintzea dela gure zeregina.