Harrigarria ere bada zenbat jende mobilizatzen ari den pentsio duinak eskatzeko. Espainiako estatuko hirietan mobilizazioak egiten badira ere, beste inon baino jendetsuagoak izaten ari dira Euskal Herrian egindakoak, eta hori, kontuan izanik Euskal Herriko jubilatuak direla batez beste Espainian pentsio altuenak jasotzen dituztenak. Hori, neurri handi batean, orain jubilaziora heldu den belaunaldiak langileen eskubideen defentsan egindako borrokagatik izan da. Borroka handia, baina ez nahikoa denek pentsio duinak izateko.
Orain ere borrokan ari da belaunaldi hori eta behin eta berriz azpimarratzen digute euren eskubideengatik aritzeaz gain, gaur egungo langileen alde ere ari direla. Hurrengo urteetan jubilatuko garenok eskertu beharrean gaude oraingo jubilatuen lehengo eta oraingo borroka, eta erreleboa hartzeko prest egon beharra daukagu, galtzen ari garen langileen eskubideak hobetzeko eta pentsio duinak bermatzeko.