Egutegia

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Ugalde 2016ko urr. 16a, 00:00

Ostirala izango da zutabe hau argitaratzen den eguna, asteburuaren ataria, baina berehala jarriko gara astelehenean aste arruntari egiteko prest.

Horixe izango da diferentea datorren astean, aste erdian jairik izango ez duen aste arrunta izango dela, azkeneko biak ez bezala (Oñatin bizi garenontzat aurreko hiruak ez bezala). Denbora asko pasatu aurretik izango dugu aste erdian jai eguna daukan beste aste bat eta azaro arruntaren ondoren jaiez ondo osatutako beste aste bat Gabonen aurretik.

Gorri asko egutegian udazkenean, baina urte berriaren ondoren ahaztu gorriaz apirila ondo aurreratuta dagoenean helduko den Aste Santura arte.

Egutegiarekin lotuta, ikasturte hasieran zeresana eman zuen Kantabriako gobernuaren eskola egutegiak. Bi hilabetetik behin ikasleek jai egun batzuk izatea ezarri zuen eta horrela, azaroko lehen astea jai izango dute Kantabriako ikasleek eta inauterien garaian ere ia-ia beste aste bat.

Egutegi horren atzean dagoen ideia ona iruditzen zait, jai eta atseden egunak urtean zehar zentzuz banatzea, lana eta atsedenaren arteko proportzioak urtean zehar berdintsu mantenduz. Eta ez bakarrik eskoletarako, denoi dagozkigun jai egun horiek ere urtean zehar berdintsu banatu beharko liratekeela iruditzen zait, eliza katolikoaren ospakizunen morrontzarik gabe eta ospatu nahi ez ditugun jai egun arrotzik gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak