25 urte, nire bizitzaren erdia eta erdi horren zatirik handiena Oñatin pasatu izanaren arrazoi nagusietako bat bada Oñati Irratia. Bazegoen zer ospatua.
Ospatzeko unea izan da eta orain arte egindakoari begiratzekoa ere bai. 11.000 biztanle dituen herrian bertako gaiak lantzen dituen irrati batek 25 urtez jarraian jardutea nabarmentzekoa da, dauzkan baliabideekin astero emititzen dituen ordu kopurua betetzea ere bai. Eta hori lortzeko 25 urte hauetan irratian aritu direnak egin duten lana ere azpimarratzekoa.
Muga argiak dauzkan irratia da Oñatikoa, teknikoki eta baliabideen aldetik txikia, gaur egun munduko edozein lekutan entzun badaiteke ere bere uhinak Oñatiko bailara honetatik ez dira pasatzen. Baina indar guneak ere baditu, adibidez, komunikabide handiagotan jaso ez diren edo gutxiagotuta geratzen direnei lekua ematea.
Oñati herri bizia da, ekimen ugari eta desberdinak sortzen diren lekua. Hori elikagaia da irratiarentzat, irratiak beti behar baitu zer kontatua. Baina eragin hori alderantzizkoa ere badelakoan nago; alegia, Oñati Irratiak eta beste herri komunikabideek eragin dutela urtez urte areagotzen joan diren herri ekimenen sorreran, egiten den hori jaso eta zabalduko duena egoteak erraztu egiten duela gauza berriak sortzea.