Ondoko bidetik

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Ugalde 2016ko urt. 30a, 00:00

Hiriburuko sarreran autoak pilatzen diren orduan irten da etxetik.

Goizero ordu berean eta leku berean pilatzen diren autoak eta gidariak egunero berak direla pentsatu du. Irratian trafikoari buruzko informazioa entzuterakoan zortedun sentitu da berak horrelako pilaketarik jasan behar ez duelako, nahiz eta ordu horretan ohikoa baino jende eta auto gehiago topatzen dituen bere bidean. Baina konturatu da, hiriburuko sarreran bezala, bere bidean ere errepikatu egiten direla egunero ordu eta leku berean gurutzatzen dituen pertsonak eta horien norabideak.

Goizetan ikusten dituenak bezala, egunak ere errepikatu egiten direla iruditu zaio. Zeregin berak ordu bertsuetan. Konturatu da urtea hasi berria bada ere akordatzerako ia-ia hilabete pasatu dela. Saiatzen da bera aktiboa izaten, bizitza aberasgarria eta atsegina bihurtuko dioten gauzak egiten, batzuetan egin nahi dituen gauza guztiak egiteko filigranak egiten baditu ere. Baina hala ere denbora azkar pasatzen zaio, ihes egiten dio. Egutegia betez antolatu nahi izaten du bere denbora, baina denbora horretan bizi duenak ez duela nahi bezala betetzen sentitu du.

Okerragoa ere izan zitekeelakoan etsipenez onartu du bere bizimodua. Hori bai, gaur aldatu egin du bere ohiko ibilbidea, denbora gehixeago beharko badu ere ondoko bidetik joan da eta goizeroko kafea ohikoa tabernaren albokoan hartu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak