Gaur ere bada zerbaiten eguna: ustelkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela dio Wikipediak, informatikaren egun mundiala ere bai, armadarena Perun, independentziarena Tanzanian eta heroi nazionalena Antigua eta Barbudan. Espainiako Konstituzioarena ere izan zitekeen 1931an gaurko egunez onartu zen II errepublikarena Francok hankaz gora bota izan ez balu.
Euskal Herrian ez daukagu independentziarik urtean egun batez ospatzeko, ezta konstituziorik (izateko itxurarik ere ez) eta armadarik ere eta heroiak agian bai, baina ez ginateke berehala ados jarriko heroien egun nazionala izendatzeko. Euskara daukagu, eta informatika. Informatikari esker gauza asko azkarrago egiten dira, baina dena azken unerako ezin da utzi eta zutabe hau argitaratu baino egun batzuk lehenago idazten ari naiz; hain zuzen, Euskararen Egunean.
Niretzat Euskararen Eguna da gaur, ospakizun eguna, baina baita zuretzat ere, irakurle, esan eta esan ari baikara urteko 365 egunak direla euskararenak. Futbolaren eguna ere izan zitekeen gaur, zaila baita futbolik gabeko egunik topatzea.
Euskararen Egunaren bueltan euskara irudi batekin lotzea proposatu dute eta futbola aipatuta, nik futbol baloiarekin lotuko dut, ostikadak emanez bada ere modu jostagarrian batetik bestearengana pasatuz erabiltzen denaren irudia.
Nahiago dut hori ukitu gabe eramaten den altxor batena baino, nahiz eta altxor hori bihotzean eraman.