Jatorri erabat desberdina kebabak eta Boisek, baina biak Oñatin elkartuta: Kebab Boise.
Ameriketako Estatu Batuetara joandakoak herrira itzultzean sortutako taberna Boise, berak ezagututako lurraldea gogoan. Denborarekin Asiatik etorritakoek hartu dute lekua tabernan eta janariak hango erara prestatuz bizimodua ateratzen saiatu. Munduko bazter desberdinetako biztanleen ibileren erakustokia taberna hau. Migratzaileak, etorkinak, batzuk hemendik joan dira eta doaz; beste batzuk etorri dira, eta badatoz, modu errukarrian asko, eta bidean hilda geratzen direnak, gehiegi.
Gure adinekook joandakoak baino gehiago ezagutu ditugu etorri direnak, baina hemendik joandakoak ere asko dira, Boise horren adibide, euskal jatorriko jende askoren bizilekua; eta badirudi hemendik aurrera ere gure seme-alabetako askok kanporako bidea hartuko dutela. Bitartean, Kebab Boise, Asiako eran prestatuko janari aukera zabala gurean, baina euskarak nahiko indarrik ez bertako menuak gure hizkuntzan jartzeko. Kebabak, hori bai, oso onak.