... atseden hartzeko egunak igandean Behobia-Donostia lasterketan indartsu aritzeko. Ni ez naiz joango.
Satisfazioa ematen dit korrika egiteak, hanka arinak dauzkadala sentitzeak, lasterketetan parte hartzeak. Behobian ere parte hartu izan dut, saiatu ere saiatu izan naiz ibilbidea aurreko urtean baino azkarrago egiten, baina orain itzeldu egin zait irrika hori. Ez hainbeste korrika egitearena, baina bai erlojuari begiratzearena, lasterketaren batean parte hartzen badut ere jada ez diot begiratzen denborari.
Izango da ez dudalako azkarrago korrika egitea lortzen; hori lortzeko badakit zer egin beharko nukeen, gehiago eta hobeto entrenatu.
Baina ez daukat gain-esfortzu hori egiteko gogorik, adinaren eta gorputzaren mugen aurka joatea iruditzen zait orain horrelako ahaleginetan sartzea. Eta, denborarekin, baita korrika egitea ere.
Pentsatzen hasi beharko dut korrika egiten uzteari gorputzari kalte egin aurretik.Horretarako korrika egiteak ematen didan gauza onak beste nonbait topatu beharko ditut. Kirola ez den zerbait ere izan daiteke, lirika esate baterako.
Ziur poesia idaztea korrika egitea bezain atsegingarria dela. Uste dut heldu zaidala poesiara dedikatzeko ordua.