Itzulia Oñatin izan zen bi egunetan izandakoaren balorazioak ere egin dira, positiboak orokorrean. Oñatiko antolatzaile batzuk, ordea, kexatu egin dira ETBko kazetari batek erlojupekoaren zuzeneko emanaldian esandakoengatik eta kritikatu egin dute kazetari horren jarduna. Aipatu kazetariak kritikatu egin zuen erlojupekoa egiteko aukeratutako zirkuitua; ez zen bakarra izan kritika hori egiten, baina bai, ziurrenik, oihartzun handiena izandakoa.
Antolatzaileek zilegitasun osoa daukate kazetari hori edo beste edozein kritikatzeko, baina kazetari honi buruz esan diren hainbat gauzarekin nire desadostasuna azaldu nahi dut.
Esan da kazetariak bere iritziekin Oñatiko herria kritikatu zuela eta ez zuela aintzat hartu egun horretan lanean aritu zirenen ahalegina, baina ez dut uste, inolaz ere, hori horrela denik.
Zirkuitua kritikatzerakoan erlojupekoa zirkuitu horretan egitea erabaki zutenak kritikatzen dira (Organizaciones Ciclistas Euskadi elkartea) eta ez Oñatiko herria, inondik ere ez lanean aritutako boluntarioak eta ezta Oñatiko talde antolatzailea ere (lan bikaina egin zuena, esan behar da), zirkuituari buruzko azken hitza Itzulia antolatzen duen OCE elkartearen zuzendaritza teknikoarena baita.
Uste dut kazetari honen profesionaltasuna ez dagoela zalantzan jartzerik, bizitzan sortzen diren aldapa gogorrak ausardiaz gaindituz urteak daramatzalako bere lana zuzentasunez eginez, eta are gehiago txirrindularitzaren munduan, nahiz eta hainbatetan bere iritziak ez izan askoren gustukoak.
--------------------
Aitor Ugalde
Oñati