Erromatarrek ez ezik, euskaltzaleok ere ondo dakigu zer neketsua den lan berrietan hastea, makina bat proiektu hasi baititugu behin eta berriro, aspaldiko borroka honetan. Lan esparrua euskaratzeko ahaleginetan badaukagu horren adibide bat: euskara batzordeak, normalizazio planak, goitik beherako eta behetik gorako estrategiak… Azken 40 urteetan mila aldiz hasi gara eta lan erdietan gaudela dirudi beti!
"Hasi berriz ere beste erdiarekin eta lana amaituta izango duzu", osatzen du esaldia Marko Aureliok, amaiezina dirudien zeregina 10 hitzetara murriztuz. Berriz hasi besterik ez zaigu geratzen, beraz, eta horretan dihardugu. Joan den astean, AEDk antolatuta, hiru enpresak aurkeztu zituzten beraien esperientziak, lantokietan euskara kudeatzeko garaian. Erakutsi zuten badagoela zer egina eta nola egina beste erdi hori osatu eta amaierara heltzeko.
Gainerako enpresetan zer? Hastear, hasten edo hasteko gaude?