Entzutean jo eta ma geratu nintzen. Ulertzea hainbeste kostatako hura alferrikakoa ote zen? Hasierako harridura argitzeko, lagun eta lankide artean zabaldu nuen galdera: beharrezkoa al da gaur egun Pitagorasen Teorema jakitea? Erantzunak oso muturrekoak izan ziren. Batzuek, ez dela garrantzitsua, ez zutela inoiz erabili. Besteek ezinbestekotzat dute, oinarrizko jakintza delako egunerokoan beraien lanetan darabiltena ulertzeko.
Gakoa non dagoen argi geratu zitzaidan: erabileran. Ibiltzen duenak garrantzia ematen dio, balioa. Besteentzat ikusezina da edo, are okerrago, traban dagoen zerbait. Euskararekin ere berdintsu, ez da hala?
Konturatu behar dugu erabiltzea dela euskararen alde egin dezakegun onena. Erabiltzen dugulako dela garrantzitsu euskara, eta ez alderantziz. Euskaraldia gainean daukagun honetan, gogoratu orain dela hitzez ekiteko garaia.