Union Cerrajera eta Kulturola

Parte hartu dut Kulturola eraikina ezagutzeko antolatu diren bisita gidatuetako batean. Lan ona egin da bertan. Zoragarri gelditu da. Zorionak Arrasateko Udalari, arkitektoei eta obran aritu diren langileei. Pozgarria da jakitea Arrasateko historian hain garrantzitsua izan den etxe horrek jarraipen aberatsa izango duela etorkizunean, industria-produkziotik kultura-produkziora salto eginez. Merezi izan zuen eraikin hori salbatzeko urteetan burutu genuen lanak –1994tik 2004ra arte–.

Baina hankamotz gelditu da, defizit ikaragarri batekin: Memoria Historikoaren ikuspegitik injustizia handia da jatorrizko izena ez mantentzea. Normala iruditzen zaigu Donostian eta Malagan Tabakalera izena gordetzea, Errenterian Niessen, Bilbon Euskalduna eta Artiach, Eibarren Alfa, Madrilen Matadero... Guztiek jarduera ekonomikoa izan zuten eta guztiak kulturara bideratu dira. Zein bekatu du gure Union Cerrajerak bere izena gorde ez dezagun? Gainera, tokia dago eraikinaren fatxadan hori burutzeko: Kulturola izenaren gainean, erlojuaren ezkerrean Union ipini daiteke eta eskuman Cerrajera. Mesedez, borobildu ezazue egindako lana, eraikinak eta gure herriaren historiak merezi duten bezala, eta ofizialdu ezazue izen osoa.

----------

Aitor Iturriaga Bakarte

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak