Etxebizitza bihurtu da langileok pobretzeko arrazoi nagusietako bat, baina pobreziak ez du denontzat aurpegi bera. Batzuentzat, erronka hilabete amaierara heltzea da; beste batzuentzat, bizirautea. Azken horiek dira burutik kendu ezin ditudanak: 1.500 euro baino gutxiago –askotan, askoz gutxiago– jasotzen dutenak, langabezian edo soldata eskasekin, eta greba egiteko eskubiderik ere ez dutenak. Ahots gutxien dutenak dira, eta, hain zuzen, haiek egon behar dute gure aldarrien erdigunean.
Gainera, arrakala ez dago diru-sarreretan bakarrik, lanari ematen diogun balioan ere badago. Garbitzailerik gabe gaixotu egingo ginateke, baina haien soldata hutsaren hurrengoa da. Dirutza dutenak dira, gainera, gutxieneko soldatarekin bizi daitekeela esaten dutenak. Proba dezatela beraiek diru kantitate horrekin alokairua ordaintzea edo etxebizitza erostea eta hilabete amaierara heltzea.