Prekarietatea gaztelekuan

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azarola 2021ko urt. 15a, 00:00

Aretxabaletako gaztelekuko langile-hezitzaile gara, eta gure lanpostuekin eta zerbitzuarekin Udalak hartu duen erabakia salatzera gatoz.

Gozamenetik, 13-17 urte bitarteko nerabeei hezkuntza ez-formala eskaintzen diegu 2005etik. Egun, 200 gazte daude gurean astebururo.

Martxoko itxialdiarekin, zerbitzua eten egin zuen herriko Udalak. Ez zuen beharrezko ikusten, Eskoriatzako eta Oñatiko kasuetan ez bezala. Gu, horren aurrean, hautu pertsonal moduan gazteen alboan egon ginen, digitalki, sinesten dugun horri eutsiz. Kanpo faktoreen ondorioz izan zenez, Udalari indemnizazioa eskatu ahal izan genion.

Ekainean eta uztailean kontratua aktibatu egin zen; nahiz eta gaztelekua ez ireki, kalean egin genuen lan hezitzailea. Ordutik, lan digitala areagotu egin dugu, posible dela erakutsiz.

Udalak udalekuekiko, lan hezitzailearekiko izandako apusturik eza eta utzikeria ikusita, eskerrak eman nahi dizkiogu Loratu egitasmoari, bere lan eta herri antolamenduari esker Udala presionatu eta uztailean udalekuak gauzatzeagatik.

Udala parte den Foru Aldundiaren Gaztematika Sailak zerbitzu digitalaren gaineko apustua egiten du, eta honen baitan formatzen gabiltza, plan digital bat eratzen, modu kontziente eta jasangarrian. Aldiz, Udalak, kontraesankor, ez du honetarako aukerarik uzten.

Abenduan zerbitzua lehiaketara irten, eta baldintzak guztiz aldatu ziren. Orduka fakturatuko da, eta dekretuz gaztelekua itxiz gero lau langile kalean geratuko dira. Zein mailatako langileak gara Udalarentzat? Gazteak espazio gabe gelditzen dira. Zer leku ematen zaie? Zein mailatako herritarrak dira?

Haurren eta nerabeen eskubideen alde egotea oso modan dagoen garaian, Udalak horrelako lehiaketa prekarioak ateratzen ditu. Ez dugu ezer ulertzen!

Arrazoi ekonomikoaren argudioak ez digu balio; ez gara gastua, inbertsioa baizik. Gastua Gabonetako argiak dira: 8.000 euro = gazteleku zerbitzua hilabete eta erdi martxan = lau langile –gazte– lanean = 200 gazte hezkuntza ez-formal bideratua jasotzen.

Pandemiak ez du dena baimentzen. Aldatzeko prest gaude; adi mobilizazioei!

----------

Ainhoa Azarola, Josu Irure, Alaitz Mendieta eta Jon Cano

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak