Urte hauetan zuokin bizipen eta abesti asko konpartitu ditugu. Lehen kontzertuetatik sumatu genuen elkarren arteko erlazio berezia, eta ukitu berezi horrekin amaitu gura izan dugu. Gure kontzertua baino, guztion kontzertua izan zen egubakoitzekoa, eta horrela jakinarazi zeniguten bertan irakurri genituen hainbat mezutan.
Agurra ezin zen borobilagoa izan. Antzokia bete egin genuen eta konfiantzazko giro batean Badoa, badirau diskoko abestiak kantatzeaz gain, Musika kaxako hainbat ere ekarri genituen gogora.
Akaso esaldi tipiko eta topikoegia izango da , baina gure lagun eta jarraitzaileak izan zarete Ain_1en arima eta helmuga. Eskerrik asko gure alboan egon eta musikan bidelagun izan zareten guztioi.
Taldeak agur esan duen arren, gure arteko erlazioa ez da eten, elkarrekin bizitakoak gurekin eroago baititugu beti.