Ez da beste M8 bat izango. Urteetan zehar, emakumeon eskubideen aldeko borroka ezberdinak gogoratzeko erabili izan dugu. Gaur egun, inoiz baino arrazoi gehiago ditugu emakumeok kalera atera eta gure egoerak salatzeko. Emakume guztiak kalera ateratzen bagara, eredu heteropatriarkala jarraitzen duen sistema kolokan jarriko dugu. Gure bizkarren gainean sustengatzen den sistema da gaur egungo kapitalismoa. Esplotatu egiten gaituzte, miseriara bultzatu, mespretxuz tratatu, mehatxatu, iraindu, bortxatu, erail… Eta, oraindik, egun horretarako deituta dauden protesta eta greba deialdiak zergatik eta zertarako egingo ditugun galdetzen dute batzuek. Adierazgarria oso EAJPNVko instituzioetako kargudun emakumeek – PPkoak bezala– greban parte hartuko ez duten erabakia plazaratzea. Nork edo nortzuk hartu dute erabaki hori? EBBko emakumeak izango ote ziren? Ez dago arrazoi nahikorik plantorako? Ez al da nahikoa arrazoi gizonekiko daukagun soldata arrakala? Ez dago gutxieneko terrorismorik erailketa matxista guztietan? Izaskun Landaidak, Emakundeko arduradun nagusiak, esan omen du ez dela grebara aterako goi karguduna delako. 15 minutuko lanuzteak egingo omen dituzte –kafe orduan?–. Ez diete hauei eguneko soldata penalizatuko, beraz. Berari, agian, ez dio horrenbeste eragingo soldata arrakalak, edo? Guri bai. Eta egun horren penalizazio ekonomikoa jasango dugu, gutxienez. Berak, agian, ez du pairatuko zaharren egoitzetako langile emakumeek jasaten duten prekarietatea, adibidez. Goi kargudun hauek ez badute eredu ematen, goi kargudun hauek aldatzea dagokigu herritarroi. Maria, gure herriko alkate eta ordezkari nagusi zaren heinean, zure alderdiaren posizioa berresten duzun jakitea dagokigu. Edo, agian, oraindik ez duzu nahikoa arrazoi ikusiko greba deialdiarekin bat egiteko. Zure soldata arrakala ez da nahikoa oraindik, ezta? Zenbat zen, 65.000 euro urteko?
----------
Ane Illarduia Argandona
Arrasate