Aramaioko auzo bateko sagardotegi batean luze eta bapo bazkaldu eta gero, herrira jaitsi ginen trago bat hartzeko asmoz lagun batzuk.
Frontoi ondoko aparkalekuan aparkatu eta frontoi barrura sartu ginen, kuriositatez, pilota partiduren bat egongo ote zen edo.
Herriko neska-mutikoak zebiltzan jolasean bertan. 22 ume kontatu genituen.
Batzuk, erdiak, futbolean zebiltzan.
Beste batzuk, pilotan zein saskibaloian.
Jolasean zebiltzanei begira, beste taldetxo bat, eta abar.
Guztien artean, ez zituen helduenak 13-14 urte baino gehiago edukiko.
Taldetxo bakoitza bere aldetik zebilen, baina ezaugarri bat zeukaten komunean. Guztiak gazteleraz hizketan beraien artean.
Futboleko baloia etorri zen gugana.
Nire alboko lagunak hartu eta hau eusten zuen bitartean, baloi bila etorri zen umeari galdetu zion: "Zenbat zoazte?". "¡Seis-dos nos ganan!". Ba, bai, "¡nos ganan! ¡Por goleada!". Non eta Aramaion.
Ez dauka Eustat-ek etorri beharrik euskararen gaineko estatistikak ateratzera.
Arnasguneak itotzen ari ote gara?
----------
Ane Illarduia Argandona
Arrasate