Ez da gehiegi aipatu ordainketak bertan behera uztea. Alegia, ordaindu ezin duenak ez dezala izan ez alokairurik, ez hipotekarik, ez argindarrik, ez Internetik, ez urik, ez jatekorik, ez ezinbesteko beste ezer ordaindu beharrik. Zergatik ez da horrelako ezer planteatzen? Zati handienean enpresa handiek kontrolatzen duten hornikuntza horretan negozio galanta dagoelako. Niri –eta pentsatzen dut langile gehienoi– ez lidake axolako denbora batez nire lanarengatik ez kobratzeak, oinarrizko beharrak aseta izanez gero.
Zergatik ez da egiten, beraz? Orain egiteak aurrerantzean iraunkorki gauzak beste modu batera egin daitezkeela erakusten duelako. Eta ez, sistema ez da ukitzen. Aurretik ere jende asko zegoen egoera eskasean, orain jende gehiago eta gertukoagoak. Erakunde publikoei eskaria egitea ondo dago, baina ez badute ezer egiten –eta ez dute egingo–, geu antolatu beharko gara baliabideak eta aberastasuna banatu eta ezberdintasunak gutxitu eta deuseztatzeko. Erantzukizunez jokatzeko garaia da.