437.000 pertsona bizi dira pobrezian edo atarian. 157.000 pertsona daude langabezian izena emanda, 80.000k ez dute inolako laguntzarik jasotzen. 700.000 pentsiodun daude, 354.000k 1.000 eurotik beherako pentsioa jasotzen dute. Kontratuen %92 behin-behinekoa da, horien %76 emakumeenak dira. Emakumeek gizonezkoek baino %24 gutxiago kobratzen dute...
Zerbitzu publikoen egoeraren adierazle, berriz, EAEko hezkuntzaren inguruko hainbat datu: 2008tik hona matrikulazioek gora egin dute, eta ikasgela kopurua gutxitu egin da; 2009an BPGaren %4,3 zuzentzen zen hezkuntzara, 2017an %3,6; Europako 29 estaturen artean EAE bat gehiagotzat hartuko bagenu, 30etik 28. postuan legoke hezkuntzara bideratzen duen BPGaren zatiaren arabera.
Mila datu eman daitezke. Egoera larria da, oso injustua, eta interes orokorraren aldeko politika publikoak behar ditugu. Baliteke zuk, nik bezala, oraindik miseria gordina gertuegitik ez ezagutzea, baina gaur auzoan dabilena bihar etxe barruan izan genezake.