EH Bilduk Euskal Errepublika dauka helburutzat, uste dugulako Euskal Errepublikak soilik emango dizkigula beharrezko dugun ongizatea lortzeko tresnak. Eta Antzuolan, ongizate horrek nolakoa behar lukeen marrazteari ekin diogu.
Ongizatea, modu indibidual zein kolektiboan, eremu materialen zein ez materialen arteko oreka egoera izan daiteke. Bizi garen komunitatearen beharren asebetetze maila neurtzen duen egoera, alegia. Urterourtero, ongizatea osatzen duten eremu ezberdinak hartu eta honen inguruko elkarrizketa mamitsuetan murgilduko gara.
Gauzak honela, 2017-2018 ikasturteari dagokionez, hezkuntza gaia lantzeko ardura hartu dugu. Malcom X-k honela zion: "Hezkuntza da etorkizunerako pasaportea, biharamuna gaur prestatzen ari direnei dagokie".
Antzuolako herrian duela urte asko konstruktibismoaren heziketa metodoari ekin zitzaion. Udaletik ere eredu hori babestu eta inbertsio lagungarriak burutu izan dira. Eta estatu propioa bagenu? Zein izango litzateke etorkizuneko hezkuntza sistema? Zeintzuk dira gaur egun ditugun gabezia eta arriskuak?
Data zehatzaren berri aurki jakinaraziko dugun arren, 2018ko lehen hiruhilekoan batzar ireki bat egingo dugula jakinarazi nahi dugu. Antzuolar guztiekin –gazte, heldu, guraso, irakasle...– batera egin nahi genuke batzarra, ongizatearen zutabe garrantzitsu honen ezagutzan sakondu eta aurrera begira izan beharko lukeena marraztea guztioi dagokigu eta.
----------
Aitzol Iturbe Beristain eta Mikel Bargiela Iparragirre
Antzuolako EH Bilduren izenean
Antzuola